Eraikuntza nazional eta sozialak bat egin behar dute
Aupa Iñigo!
Euskal Herriaren independentzia ez da azken helburua; edo ez gutxienez, garrantzi bera edo handiagoa duen beste kontzeptu batekin, burujabetzarekin alegia, lotu gabe. Izan ere, estatu independente askori, Greziari esaterako, bere bandera, himno, ejerzitu eta guzti, euren burujabetza lapurtu diete eta horrekin batera, han bizi diren gizon eta emakumeen bizitza duina euren kabuz bermatzeko gaitasuna. Estatu independientea da, bai, baina ez burujabea.
Ezin dugu ahaztu, prozesu hau sistemaren krisiaren baitan gertatzen ari dela, non pobrezia egoera mundu mailan orokortu den, desberdintasunak gero eta handiagoak diren, merkatuen diktadura pairatzen dugun eta ama lurraren muga fisikoak gainditu diren. Euskal Herria ez da salbuespen bat eta gure eskubide politiko, zibil, ekonomiko, kultural eta sozialak urratuak izaten dira. Bereziki emakumeenak; pobrezia, desberdintasunak eta eskubide urraketak gertatzen direnean, emakumeok beti sufritzen ditugulako gizonek baino neurri handiagoan.
Gero eta gehiago dira egoera larrian daudenak eta bazterketa soziala pairatzen dutenak. Estatu frantses eta espainolek, finantza boteredunen inposaketei men eginez, eragotzi egiten dute, ez soilik iraganean “ongizate estatu” deitzen genuen hartara itzultzea, bizitza duinak mantentzeko oinarrizko baldintzak mantentzea baizik.
Jakin badakigu Euskal Herri independienteaz gain, estatu burujabea ere eraikitzea posiblea dela, justizia sozialean oinarritua. Horregatik, eraikuntza nazionalak eta sozialak bat egin dezakete; berez, bat egin behar dute. Ezker subiranistak ezin die uko egin ez batari ez besteari, txanpon beraren bi aldeak direlako.
Independentziak herri justuagoa, bizitza duinagoak eta berdintasunean oinarritutako errealitatea eraikitzeko aukera eskaintzen digu. Errealitate horri gaineratu behar dizkiogu herri honen aldarrikapen historikoak eta berezko kultura zein hizkuntza; eta guzti horren gainetik, euskaldunon gehiengoak, herritar burujabe eta libre bezala, eta edozein motako mehatxurik gabe, herri honen etorkizuna zein izango den erabakitzeko duen nahia.
Honengatik guztiagatik, guk eraiki nahi dugun Euskal Herria, baliabide gutxien dituztenei duintasunez bizitzeko aukera eskainiko diena da; gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen aurka borrokatuko duena; ama lurraren mugak errespetatuko dituena; euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duena da. Eta guzti hori, bakarrik hegemonia politiko eta soziala lortuz izango da posible. Prozesu horretan, EH Bilduk, beste askoren artean, bere ekarpena egingo du, alde guztietatik desegiten ari den (ustelkeria, murrizketak, eskubideen urraketa sistematikoa, jokaera totalitarioak…) estatu honen agenda eta bere instituzioak baldintzatzeko.
Azken finean, garrantzitsuena da dagoeneko hasi dugun bidaia honetan, gure helburuekiko koherentzia bidean ez galtzea, ezta prozesu honetan gurekin batera dauden bidelagunen itxaropen eta nahiak ere.
Besarkada bat.
Partekatu
Batu zaitez Osoigora