Metroaren eta Donostiak behar duen garraio modeluaren inguruan herritar parte hartze prozesu bat irekitzeko konpromezua hartuko zenukete?
Eneko Goia

Topoa hobetzea ez da Donostiako eremura mugatzen. Gure esparrutik haratago doa


Kaixo Satorralaia Elkarteko kide eta lagunak,

Lerro hauen bidez gai honekiko nire ikuspegia azalduko dizuet. Espero baliagarria izatea.

Lehenik eta behin, ez naiz sartuko erantzun honetan Topo proiektuaren azalpenetan. Pentsatzen dut zuen Elkarteak ezagutzen dituela nondik norakoak. Baina norbaitek zehaztapen gehiago nahi baditu, topo.eus webgunean aurkituko ditu datu guztiak.
 

Alde batetik, proiektuaren ardura eta eskumen nagusia Eusko Jaurlaritzarena da, eta berak egingo du ahalegin ekonomikoa. Guk pozez hartzen dugu, inbertsio horrek Donostiako garraio-azpiegitura hobetuko baitu. Kontuan hartu beharreko datua da.
 

Bestalde, Topoaren azpiegitura hobetzea ez da Donostiako eremura mugatzen. Gure esparrutik haratago doa. Topoa Donostiatik igarotzen da, bai; baina inguruko udalerriekin partekatzen dugun garraio sistema ere bada: kontuan hartu beharrekoak dira, nagusiki, Lasarte-Oria eta Hendaia, edo Gipuzkoako kosta. Beraz, ikuspegi zabala ezinbestekoa da gogoeta hau egiteko orduan. Ez da Donostiako ikuspegira mugatu behar, lurralde-mailari baizik.
 

Topo linearen hobekuntza edo zabaltze lana ez da azken hileotako eztabaida. Urte ugari pasa ditugu honi buruz hizketan. Ni neu 2011. urtean Donostiako Udal hauteskundeetan (EAJ ordezkatuz) parte hartu nuenean, programan jaso genuen horren alde egingo genuela. Beraz, urte dexente igaro dira. Urteotan, herri-ordezkaritza organoak (Udalbatza, Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra) beti izan dira nagusiki Topo igarobidea egitearen aldekoak. Organo demokratiko hauetan ordezkatzen da herritarren nahia eta borondatea eta, beraz, ez litzaidake bidezkoa irudituko ariketa demokratiko horien ondorioak zalantzan jartzea.

Azken asteetan hainbat bilera egin dira bizilagunekin batera, informazioa eskaini eta zalantzak argitzeko, kalez kale eta modu pertsonalizatuan. Bilerok Gipuzkoako Bazkundean egiten dira eta, bestela, informazio eguneratua eskuragarri dago topo.eus webgunean.

Topoaren azpiegituraren handitze lanak hastear daude. Jakin badakit, proiektu estrategiko guztiek bezala, honek ere sortuko dituela bere trabak. Baina ziur nago gure hiriak eta Gipuzkoako lurraldeak garraio zerbitzu hobea izango duela aurki.

1912an eraiki zuten Donostia eta Irun batzen zituen lehenengo bidea. Azken 100 urteotan garraio-zerbitzu honek etengabe egin du aurrera: Lugaritz, Añorga eta Errekalde, Intxaurrondo eta Herrera... Altzako geltokia eta Loiolako lanak dira azkenak. Etengabe hobetzen diharduen azpiegitura da. Eta guk bide horretan jarraituko dugu.

Mila esker eta ongi izan,

Eneko
 


  Partekatu
Eneko Goia
 Galdera Metroaren eta Donostiak behar duen garraio modeluaren inguruan herritar parte hartze prozesu bat irekitzeko konpromezua hartuko zenukete?
Sortzailea
Satorralaia Satorralaia
231 de 200 Apoyos
2017.10.23

Batu zaitez Osoigora

Politikaria bazara eta parte hartzeko interesa baduzu, Jarri harremanetan

Jarri gurekin harremanetan