Kazetari baten lehen betebeharra bere Administrazio kontseiluaren presioei aurre egitea da
Kazetaritza definitzea ez da erraza, baina uste dut oraindik balio duela XX. mende hasieratik erabiltzen denak (askotan George Orwellena dela esan izan da, baina ez dut uste hala denik): "Norbaitek publikatzea nahi ez duen zerbait argitara ematea da kazetaritza; hortik aurrerako guztia, propaganda edo harreman publikoak". Gehitu beharko genioke beste gauza bat: norbait hori boteretsua izaten dela sarri, diruduna...Hark ez badu publikatzea nahi, orduan bai, seguru notizia dela.
Historian zehar arazoa antzekoa izan da: komunikabideek jabea dute, eta jabe horrek bere interesak. Euskal kazetari batek askotan esan izan dit (emakume jakintsua da bera), kazetari baten lehen betebeharra bere Administrazio kontseiluaren presioei aurre egitea dela. Pentsa! Norbera tinko, lehenik, gainean daukan Administrazio Kontseiluaren aurrean. Baina inoiz ez da erraza izan.
Komunikabide publikoek bermatu behar lukete independentzia mailarik handiena, baina komunikabide publikoek kontrol politikoa izaten dute, eta hemen oraindik politikariek ez dute ulertzen independentziaren kontzeptua. Uste dute denbora tarte jakin batzuk euren artean banatu eta bermatua dagoela pluraltasuna.
Saiatuko gara hori ere aldatzen. Baina zuk ez etsi. Apasionantea da lanbide hau. Eta gogoan izan beti arretaz eta kontuz jokatu beharko duzula, behin eta berriro saiatuko direlako ziria edo gezurra sartzen. Lurra borobila da? Bai? Ziur? Konprobatu azken detailea. Ondo izan.
Partekatu
Batu zaitez Osoigora