%0,11koa da konpromisoa
Kaixo,
Luze egon naiz egindako galdera nondik heldu pentsatzen. Zuek egindako galdera gobernuari eta berau sustengatzen duten kideei egina da. Gu hor nola kokatzen garen azaltzea izango da egokiena, eta hasteko, azpimarartu nahiko nukeen ideia da guk geuk ere, galdera horiek egin dizkieguela eta egiten jarraituko ditugula.
Duela gutxi, legebiltzarrean gai honen inguruko eztabaida izan genuen osoko bilkuran (hemen duzue ikusgai, nahi izanez gero: http://www.legebiltzarra.eus/fr_splenoe/SDW?W=spl_clave=%2720171123052000003%27 ) eta mahai gainean kokatu nahi izan nuen lehen ideia aurrekontuek, herrialde baten baloreak azaleratzen dituztela da, zein den baloratua, ze lan baloratzen den, eta nor saritzen den lan horrengatik… eta nor, zer eta noren lana ez den baloratzen eta ordaintzen. Eta nora goaz bere aurrekontuen 0,11% berdintasun eta indarkeria matxistaren kontrako politiketara bideratzen dituen gobernu batekin?
Indarkeria matxistaren gainean egun daukagun araudia atzeratuta geratu da, eta egun ditugun protokolo eta baliabideak sendotzen, elkar harremantzen... jarraitu behar dugu. Alde batetik, eta egiturazko arazoa den heinean, sustraira jo nahi badugu, hau da, politika eraldatzaileak izan, estrategiak, planak, neurri zehatzak zuzendu behar dira erakunde horien beraien eraldaketarako: egiturak, lan kultura, barne prozedurak, etabarrak ikuspegi kritiko batetik aztertu eta egiturazko neurriak proposatu behar dira.
Bestetik, agerian geratu da aspaldi egun daukagun araudia ez dela nahikoa; estrategia oso bat, integrala eta sakona, behar da. Ikuspuntu integral eta sakon batetik jakin behar dugu zehazki zerk funtzionatu duen eta zerk ez, estrategia berriak sortzeko eta beste batzuk indartzeko edo baztertzeko. Azterketa integral hori ezinbestekoa da; eta ez gara legearen edo neurri baten ebaluazioari buruz hitz egiten ari: indarkeria matxistarekin zerikusia duen guztia modu bateratuan aztertu eta planifikatu behar da, legitimoak diren eragileekin (mugimendu feminista nahiz hainbat emakume kolektibo, elkarte etab.) eta instituzioekin. Prozesu benetako partehartzailea izan behar da; guztien beharrak, denborak etabarrak errespetatzen, intersekzionala den genero ikuspegia txertatuz. Guztietan kontuan hartu behar da zeintzuk diren EAEko eskumenak, eta irmoki eskatu beharko dira oraindik gureak ez direnak.
Erantzun honetan ezinezkoa da zuzendu edo abian jarri behar den guztia aipatu (izan ere, hori eragileekin batera egin behar da). Hainbat gauza dira esku artean ditugunak, badago nondik ibili, eta, eskarmentuak adierazten digu hainbat alderdi ezinbestekoak direla, adibidez: i) emakumeen eta gizonen rol eta estereotipoetan eraldaketa soziala premiazkoa da, are gehiago gazteekin egin beharrekoa. ii) Indarkeria matxista adierazpen guztiak larriak dira eta bisibilizatu eta landu behar dira, jendarteak guztien kontra irmoki agertzeko. iii)Emakumeak babestu behar dira, baina ez berbiktimizatu; arreta eta babes sistemak asko dauka hobetzeko (polizia, sistema judiziala...). iv) Indarkeria matxista detektatzen ere asko dago hobetzeko; osasun-zentroetan, gizarte zerbitzuetan, eskoleetan, lantokietan...v) Gizonei zuzendutako neurriak: gehiago jarri behar da azpimarra eurengan.
Bidea luzea da oraindik, baina ezin dugu politika kontinuistekin jarraitu, bakarrik partxeatzeko balio dituztelako, eta estrategia zabal, eraldatzaile, integral, partehartzaile eta lotesle behar dugu, eragile politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalen engaiamenduarekin, epe luzera begira, eta, noski, behar diren baliabideak bermatuta, inolako aitzakiarik gabe.
Compartir